Otsailaren 23an, EDE Fundazioak Emaktiva Programaren 2016-2023ko ibilbideari amaiera emateko eta lorpenak ospatzeko ekitaldia antolatu zuen. Topaketa hura, gainera, enpleguarekin, berdintasunarekin eta inklusioarekin lotutako erronka berrien inguruko gogoeta egiteko baliagarria izan zen.

Orona Fundazioaren auditorioan egindako jardunaldia Maite Peñak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiken diputatuak, inauguratu zuen eta, bertan, Gizarte Politiken Departamentuak Emaktivaren estrategiarekiko eta ikuspegiarekiko duen konpromisoa azpimarratu nahi izan zuen.

Bestalde, bertan izan zen Javier Ramos, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko aholkularia, eta EAEko enpleguaren lege berriaren inguruko ibilbidea egin zuen.

Esperientziaren txokoan, honako hauek hartu zuten parte: Patxi Ibargurenek, Beterri Buruntza Mankomunitateko presidenteak; Alberto Gáratek, One Facility Services-eko ordezkariak, Ane Luengok, Bexen Medical-eko ordezkariak; eta Evelyn Mairenak eta Ninoska Morillok, ibilbideak Emaktivan egin dituzten emakumeak ordezkatuz.

EDE Fundazioko Bego Gavilanek eta Igone Virtok ere hartu zuten parte bertan. Hala, urte hauetan guztietan lortutakoaren eta egindako ibilbidearen inguruko azalpenak eskaini eta Emaktiva Biran egitasmoarekin aurrean ditugun erronkak nabarmendu nahi izan zituzten.

Bestalde, urte hauetan guztietan Emaktivan parte hartu duten emakume guztien ordezkaritza gisa eta haiei omenaldi xumea egin nahian, programan parte hartu duten hogei emakume inguru ere bertan izan ziren.