Emaktivan egunero genero-indarkeria ikusarazten lan egiten dugun arren, azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurkako aldarrikapen sozialarekin bat egin genuen. Hala, aurten, EDE Fundazioaren kanpainak ahalbidetu digu identifikatzea zaila den indarkeria-mota batean sakontzea: egunero bizi dugun indarkeria ikusezina. Egoera horiek deseroso sentiarazten gaituzte, baina zaila izaten da indarkeria gisa identifikatzea, eta, askotan, geure burua zalantzan jartzen dugu.

Egoera deseroso baten aurrean, besteak beste, begirada bat, iruzkin bat edo ukitu bat, zenbatetan pentsatu duzu: “Beharbada ez da hainbesterako”, “Ez dut ondo ulertu esan nahi izan didana”, “Azkenean, lankideen artean gertatzen diren gauzak dira”. Are gehiago, zalantza-sentsazio hori, askotan errudun-kutsua duena, areagotu egiten da inguruko pertsonekin kontrastatzen saiatzean, iruzkin berberak jasotzen baitituzu: “Emakumea, ez da horrenbesterako!”, “Neska, zuk guztiari sumatzen diozu asmo bat”, “Ez zaitez zoratu, horrelakoak sarri gertatzen dira”.

Ez. Ez dira gertatzen diren gauzak. Metroan zoazenean, deseroso jartzen zaituen begirada hori sentitzen duzunean, bilera batean urdailean atximur egiten dizun iruzkin hori entzuten duzunean, zure lankidearen ukitu leun horrek hotzikara ematen dizunean.. Lankidea, “Ez, ez da zure irudipena, indarkeria matxista da”, EDE Fundazioaren kanpainaren leloak dioen bezala.

 

Lehen pertsonan bizitako edo ikusitako egoera horiei eta beste askori esker, indarkeria ikusezin hori azalera atera ahal izan dugu. Emakumeek egoera

horietako asko mahai gainean jarri dituzte, eta, ondorioz, nola sentiarazten gaituzten aztertu eta partekatu ahal izan dugu. Eta kanpainan proposatu zen bezala, erantzun eta erreakzio posibleak landu ditugu.

 

Izan ere, indarkeria ikusezin horien boterea eragiten duen zalantzan dago, zeinak erantzuteko argudiorik gabe uzten gaituen. Horregatik, egoera horiek ikusarazteak eta balizko erreakzio eta erantzunak lantzeak babestu egiten gaitu haien aurrean.

Gogoratu; bizi baduzu, zein ikusten baduzu, indarkeria matxista da.