
“Bi urte neramatzan langabezian eta ez nuela ezertarako balio uste nuen. Emaktivari esker orain balio dudala sentitzen dut”, horixe da Metro Bilbaon, Indautxuko geltokian (Urkijo irteera) inauguratu berri den Emaktiva proiektuaren erakusketan irakur daitekeen esaldietako bat.
10 paneletan, Marlyse (Bilbora bakarrik iritsi zen), Itxasne (hautsita zegoela sentitzen zuen), Cristina (ez zekien zertan aritu nahi zuen) edo Ane (lana bilatzeko lanean amore ematear zegoen) bezalako emakumeek azaldu digute zer izan den haientzat EDE Fundazioak bultzatutako Emaktiva programan parte hartzea.

“Lan ordaindua izatea eskubide bat izan beharko litzateke” izenburua duen erakusketa honek aldarrikatu nahi du enplegu bat izateak ez lukeela luxu bat izan behar, guztion eskura dagoen helburu bat baizik, guztiok behar baitugu enplegu duin bat gure bizitzaren jabe izateko.
Emaktivari esker, emakume askok egoera larritik ateratzeko lana eta prestakuntza aurkitu ahal izan dituzte, emakumeak baitira lan-merkatuan sartzeko eta irauteko oztopo handienak dituztenak. 2016az geroztik, mila emakumek baino gehiagok parte hartu dute Emaktivan, eta horietatik % 30ek baino gehiagok kualifikazioa lortu dute. Era berean, parte hartu duten emakumeen 813 kontratu formalizatu dira eta 992 lan-eskaintza kudeatu dira.
Proiektu hau Europar Batasunak kofinantzaiatuta dago, eta hainbat erakundek sustatzen dute: Euskadiko FSE+ek (2021-2027), Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilbao Ekaintzak eta Donostia Sustapenak, Enkarterriko Mankomunitateak eta La Caixa Fundazioak.
Protagonisten istorioak ezagutzeko erakusketa
Erakusketa maiatzean egongo da Indautxuko geltokian, eta ez da bertako irudietara mugatzen, izan ere, panel bakoitzaren QR kodeen bidez bestelako informazio lortu ahal dugu. Kode hori eskaneatzean, hainbat bideo kargatzen dira, protagonisten istorioak ikusteko.
Horietan, Itxasnek kontatzen du nola sendatu zituen apurka-apurka zituen zauriak; Anek itxaropentsu azaltzen du “munduan koloreak daudela eta Emaktivak erakusten dizkizu; zure asmoa, ilusioa, gogoa”. Cristina helburu argirik gabe etorri zen, eta ikastaroaren talde-jarraipenarekin eta gero langileekin, ” urteetan piztu nahian zebilen bonbillari buelta erdia ematea falta zitzaiola” ikusi zuela kontatzen du. Eta Marlyse, bere lagunak animatzen ditu formazio batera joan daitezen: “Asko lagunduko die. Gu familiarik gabe iritsi ginen hona, eta horregatik Emaktiva nire etxea bezalakoa da”.
Talentua sustatu eta enpresekin konektatu
Emaktivan, beren egoera ekonomiko edo sozialagatik enpleguaren bidean moldatzeko zailtasunak dituzten emakumeei laguntzen diegu. Beren talentuak sustatzen laguntzen diegu, lan-ingurunean defendatzeko behar dituzten baliabideak beren kabuz aurkitzen, eta enpresa eta erakunde laguntzaileen sare zabal bati esker, beren gaitasunak eskariekin lotzen ditugu.
Erakusketan agertzen diren emakumeen Harriz harriko bideoa: