Eneko Arberas Creamos Guatemala GKEko Inpaktua Kudeatzeko arduradunarekin egon gara, eta Emaktivan egiten dugunaren eta erakunde horretan egiten dutenaren inguruko esperientziak partekatu ditugu.
Creamosek genero-indarkeriarekin eta segurtasun ekonomikoarekin lana egiten du, Guatemala Hiriko udal zabortegia -Erdialdeko Amerikako handiena- inguratzen duten kokaleku informaletan bizi diren 600 emakumeri eta haien familiei lagunduz. Arrisku handia izan arren, “zabortegia diru iturri nagusia da ia 100.000 egoiliarrentzat, 14.000 pertsona barne, izan ere egunero 3-7 dolar irabazten dituzte lan arriskutsuaren bidez, birziklatzeko, saltzeko edo berrerabiltzeko objektuak berreskuratuz”, azaldu digu Arberasek.
Zabortegiaren ekosistema ekonomikoa hainbat hamarkadatan zehar moldatu da, ekonomia informal baten barruan: kamioien jabeengandik hasi eta zabor biltzaileenganaino. Hauek hondakinak iragazten dituzte metala eta beira bezalako material baliotsuak biltzeko. Hala ere, egoiliarren % 6k baino ez du enplegu formala lortzen; izan ere, 3. eta 7. zonetako egoiliarren aurkako diskriminazio sistemikoak, “gune gorri” izenez ere ezagutzen direnak, asko mugatzen ditu aukerak.
Inguru horretan familia indigena ugari bizi dira, Guatemalako barne-gatazka armatuaren 36 urteetan desplazatuak izan direnak. Komunitate horiek, askotan, beren nortasun kulturalak baztertzen dituzte eta hiri-inguruneetan dauden presioei aurre egin behar izaten diete, eta horrek guztiak enplegua bermatzeko oztopoak areagotzen du. Emakumeak lan-indar informalaren % 51 dira, eta, gainera, gaizki ordaindutako lan arriskutsuetara mugatuta daude. Genero-indarkeriaren tasa altuei aurre egiten diete, finantza-ezegonkortasunak, laguntza murriztuak eta justiziarako sarbide mugatuak areagotuta.
Emakumeen autonomiara bideratuak
Inguru honetan, Creamos Guatemalan “emakumeak ahalduntzen saiatzen gara, laguntza emozional eta psikologikoaren bidez – psikologoak dituzte –, enplegagarritasuna hobetzeko hezkuntza- eta prestakuntza-programen bidez”, azaldu du arduradunak. Lan hori guztia emakumeen autonomia lortzera bideratuta dago, gai izan daitezen pentsamoldea aldatzera eta laneratzera.
Horretarako, taldean ere lan egiten dute, testuingurua lantzen dute eta emakumeek beren artean laguntza-sareak ehuntzen eta daudenak indartzen laguntzen dute. “Konturatu gara oso garrantzitsua dela elkarri laguntzea“, azpimarratu du Arberasek.
Era berean, tradizioz maskulinizatuta egon diren sektoreei ateak irekitzen dizkiete, baldintza hobeak eta kontziliatzeko erraztasun handiagoa izaten dutelako, lana eta umeen hazkuntza uztartzea ez delako erraza eta laneratzeko oztopo bat delako.
Zaintza baino gehiago eskaintzen duten haurtzaindegiak
Guatemalan emakumeek barneratuta dute emakumeak direla seme-alabak hobekien zaindu ditzaketenak, eta, beraz, haurtzaindegiak ez daude oso ondo ikusita. Horregatik, Creamos Guatemalaren haurtzaindegiak parkeak, ohikoak ez diren lorategiak, zuhaitzak eta instalazioak ere baditu.
“Haurtzaindegia prestakuntza-ibilbideen programa osagarria da. Konturatu ginen neskak eta mutilak parte-hartzaile zuzenak direla, genero-indarkeriaren prebentzioa, berdintasuna… horretan landu ditzakegula, eta, horretarako, arlo horietan guztietan lan egiten duten profesionalak kontratatu genituen, haiek zaintzeaz gain”, azaldu du Arberasek. Gainera, emakumeek sentitzen dute beren seme-alabak ondo zainduta daudela, eta haiek, berriz, hezi egiten direla.
Emakumeen ibilbideak ez du bi urte baino gehiago irauten, “zerbitzu asistentzialista bihur ez dadin”, azaldu du Eneko Arberasek. Bestalde, prestakuntza-ibilbideez gain, aurrezteari buruzko prestakuntza ematen zaie, dirua ondo kudeatzen ikas dezaten. Horrek guztiak emakumeak ahalduntzen eta etorkizun hobea izaten laguntzen du.
Topaketa hau oso baliotsua izan da guretzat; izan ere, beste erakunde batzuekin esperientziak trukatzeak beste begirada bat eman digu, baita Emaktivara joaten diren emakumeekin aritzeko beste modu batzuk inplementatzeko ere.