Kristalezko sabaia, segregazio bertikala eta horizontala, lanbide feminizatuak eta maskulinizatuak… EMAKTIVAn etengabe hausnartzen ditugun terminoak dira, baina, oraingoan, emakumeek modu pertsonalagoan ikas ditzaten nahi izan dugu, beren historiara eramanez.

Horretarako, familiako oroitzapenetatik abiatzeko eskatu diegu, eta haien zuhaitz genealogikoen eta bizitzen bidez, honelako galderei erantzuten saiatu gara: zer rol izan dute historikoki nire familiako emakumeek? Gizonek betetzen zituzten berberak ote ziren? Nola eragin dute erreferente horiek nigan? Nahi dudan lanbidea ikasteko edo aukeratzeko askatasuna izanda, familiako tradizioarekin jarraitzen dut?…

 

Istorio harrigarriak aurkitu genituen, hausnarketa oso interesgarriak sortu ziren, eta emakume parte-hartzaileetako batek jarduera horretan ikasitakoa azaldu nahi izan du:

 

“Nire ama Bizkaiko hirugarren dibortzioaren protagonista izan zen. Eliz deuseztasuna eta dibortzio zibila lortu zituen, hainbat kontuei dagokienez lege-hutsuneak zeudenean, tartean, mantenua, mota guztietako indarkeriak eta oraindik arautu gabe zeuden askotariko gaiak. Bere “erosotasun-eremuan” geratzeko aukera izan zuen, eta horixe espero zuten guztiek, baina bere bizitza iraultzea erabaki zuen, inongo zalantza izpirik gabe: bere independentzia ekonomikoa bilatzea eta bizitza berri bat eraikitzea, lau adingabe bere kargura eta zor asko zituela, baina betiere bakearen eta lasaitasunaren alde borrokatzeko helburuarekin.

 

Hastapenak zailak izan ziren. Ospitale batean aurkitu zuen lana; gaueko txandan ziharduen. Lan hori familiaren zaintzarekin eta Erizaintzako Laguntzaile ikasketekin bateratu zuen, eta lanbide horri esker bere egoera ekonomikoa konpondu eta etorkizun egonkor batez gozatu ahal izan zuen.

 

Erresilientzia, sororitatea, ahalduntze ekonomikoa, borrokarako espiritua, gainditzeko gaitasuna, aukeratzeko askatasuna, independentzia… kontzeptu horiek txikitatik bereganatu nituen oharkabean, eta gaur egun nireak egin ditut, eta orain argi daukat berak transmititu zizkidala.

 

Eskemak hautsi zituzten emakume anonimo handien historiaren parte da. Ez da Wikipedian edo Interneten agertzen, baina nire ama bezalako emakumeei eta bere hondar aletxoari esker, menditxoak lortu dira, eta mendi txiki horiek eraikitzen jarraitu behar dugu, piramide handiak egiteko”.

 

Itziarrek argi zuen bere bizitzan duen erreferenterik handiena bere ama dela. Eskemak hautsi zituen emakumea, horrek eskatzen duena gorabehera. Horri esker, gaur egun emakume borrokalaria da, eta azken urteetan aurkitu duen zoritxarraren aurrean amore eman beharrean, berpiztu egin da. Motxila tresnaz eta ezagutzaz bete du, tekniko soziosanitario gisa aritzeko asmoz. Horretaz gainera, jarduera horri esker jabetu da erreferentzia horiek funtsezkoak direla eta erabakiak hartzera bultzatzen gaituztela.

Eskerrik asko ITZI ZURE ESKUZABALTASUNAGATIK, zure amaren kontakizuna partekatzeagatik. Zure amaren bizipenek aurrerapausoak ematen lagundu digute.